SABINO ARANAKO IGOGAILU PANORAMIKOAREN EZAUGARRIAK
2010eko maiatzaren erdialdera Sabino Arana kalean igogailu publiko bat eraiki eta ingurua hiritartzeko obra hasi zen. Obraren lehenbiziko zatian bertako zuhaitzak babestu ziren, hesiak jarri, zuhaizka eta zuhaitz txikiak bertatik kendu eta birlandatu egin ziren, eta lorategian zeuden apaingarriak beste leku batera eraman ziren.
Ondoren arkeologi laginak eta zundaketak egin ziren, azterketa geoteknikoa eta arkeologi kontrolak burutzeko. Orduan, ezpondaren gainean harresi historikoaren zenbait horma aurkitu ziren etzanda, landaredia eta eraikin hondakinen azpian. Pia Alkainek (Arkeolan) idatzitako arkeologi txostenaren arabera aurkitutako hondakinak 1794-95ean eraitsitako harresiaren zatiak dira; garai hartan epe txiki batez hiria frantsesen mende zegoen.
Aurkikuntzen garrantzia zela eta proiektua idatzi duten teknikariek, Udal teknikariek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek proiektu berri bat bat idaztea erabaki zuten; proiektu horrek aurkitutako harresi hormak agerian utzi eta balioztatu egingo ditu, lurrei eusteko sistema erabiliz eta ezponda sendotuz; horrenbestez, aurkitutako harresi hormei eta bertako zuhaitzei ahalik eta gutxien eragingo zaie.
Obraren kokapenaren baldintza berriak direla eta, eta ezpondan nahiz aurkitutako harresi hormetan ezin direnez lanak egin, proiektu berrian aldatu egin beharko dira jatorrizko proiektuko zenbait alderdi tekniko eta eraikuntza atal.
Proiektuaren idazketa dela eta obra bi hilabetez eten delarik, eta eraikuntza alorrean izandako greben ondoren, obrari berriz ekin zaio uztailean: lurrei eusteko egitura egiten hasi gara mikrozutoindun pantaila bat eginez.
Prozesu hau zenbait astez luzatuko da, eta bukaera aldean horrekin batera indusketa lanari ekingo zaio, eta eusteko eremuetan eta zimendatu beharrekoetan hormigoia ezarriko da. Abuztuan zehar gainera igogailuaren behe aldera iristeko eremua eratuko duen harresi testuraduna egiten hasiko gara.
© Ayuntamiento de Hondarribia, 2009 · Kale Nagusia 20 · 20280 Hondarribia · Email: udala@hondarribia.org · Telf.: 943 11 12 13 | Fax: 943 11 12 50